lunes, 19 de noviembre de 2012

Euskadik industria eta teknologiaren arteko konbergentzia sustatu du CIC marGUNEk antolatutako Fabrikazioaren Urteko Topaketan(2012/11/16)

Euskadik industria eta teknologiaren arteko konbergentzia sustatu du CIC marGUNEk antolatutako Fabrikazioaren Urteko Topaketan



  • Euskadirentzat prestatutako “Fabrikazio Estrategia Aurreratua 2020” garapen zientifiko, teknologiko eta industrialeko planteamendu bat da, euskal enpresen lehiakortasuna indartzea helburu duena.
  • Euskadi eskualde industriala da, eta industria jarduerak BPGaren %25 ordezkatzen du. 2009an fabrikazioa %19koa zen, 2010ean EAEko esportazioen %87ra iritsi zen eta 2011n Euskadiko enpresek I+G-n eginiko gastuaren %46 baino gehiago mobilizatu zuen.

Zamudioko Teknologi Parkean CIC marGUNE-k deitutako Euskadiko Fabrikazioaren Urteko Topaketa egin da gaur eta bertan aurkeztu dute Eusko Jaurlaritzak garatutako “Fabrikazio Estrategia Aurreratua 2020”.

Euskadi eskualde industriala da, eta industria jarduerak BPGaren %25 ordezkatzen du. Erregistratutako azken datuen arabera eta jarduera industrialari dagokionez, 2009an fabrikazioa %19koa zen, 2010ean EAEko esportazioen %87ra iritsi zen eta 2011n Euskadiko enpresek I+Gn eginiko gastuaren %46 baino gehiago mobilizatu zuen.

Eusko Jaurlaritzako Teknologia zuzendari Edorta Larraurik aurkeztu du “Fabrikazio Estrategia Aurreratua 2020”. Lehenik eta behin, I+Grekin lotutako fabrikazioak une honetan duen egoera definitu du. Bigarrenez, estrategiaren helburuak markatu ditu eta osatze prozesua azaldu du. Erronkak definitzerakoan, hiru taldetan sailkatu ditu: amaierakoak, bideratzaileak eta euskarriak. Dena-denak dira baliagarriak Euskadi hainbat arlotan aurrera eramateko: potentzia industrialean, I+G+B-ren garapenean, biharko fabrikaziorako profil profesional berrien garapenean eta sektore, enpresari nahiz agenteen arteko sinergia eta lankidetza sortzeko bidean.

Amaitzeko, zehatz-mehatz azaldu du zertan datzan estrategia; bere iritziz, garapen zientifiko, teknologiko eta industriala lortzeko planteamendu bat da, euskal enpresen lehiakortasuna indartzea helburu duena.
Estrategia honen bidez Euskadi oinarri industrialeko ekonomia bezala kokatu nahi da, ezagutzan intentsiboa den fabrikazioa bultzatuz. Euskadik fabrikaziorako baldintzarik onenak biltzen ditu: zientzia eta teknologia eragileen gaitasun aparta, gauzak egiten badakien industria sarea eta, azkenik, goi-mailako kualifikaziodun giza kapitala.

Fabrikazioa gero eta garrantzitsuagoa da herrialde eta eskualde aurreratuen agenda estrategikoetan. 80 eta 90eko hamarkadetan ez bezala, non tertziarizazioa baitzen ekonomia aurreratuetako heldutasunaren eta garapenaren ikurra, gaur egun eta etorkizunari begira, fabrikazio jarduera da goranzko joera duen balorea, batez ere aberastasuna eta kalitatezko enplegua sortzeko duen gaitasunagatik. Hartutako bide horri esker, Euskadik Europako enplegu mailak mantendu ahal izan ditu.

Eusko Jaurlaritzako Teknologia zuzendariaren aurkezpenaren ondoren, eztabaidan jardun dute gai honen inguruan: “Fabrikazioaren etorkizuna euskal ekonomiaren motor bezala”. EiTBko Juan Carlos Etxeberria kazetaria izan da moderatzailea eta hauek parte-hartzaileak: Enrique Amezua, Bilboko UPV/EHUko Ingeniari Eskolako zuzendaria,  Iñigo Loizaga, CIC marGUNEko presindentea, Javier Ormazabal, Tecnaliako presidentea, José Mª Usatorre, Mondragon Korporazioko Enpresa Sustapeneko zuzendaria eta Jesús Mª Iriondo, IK4ko presidentea.

Hauek izan dira jorratu diren gaiak: fabrikazioa eta teknologia berriak: nano, bio, IKTak…; enpresari zuzendutako prestakuntza; etorkizuneko profil akademikoak sortzea; teknologia berrien ikerketa eta aplikazioa; nazioartekotzea eta deslokalizazioa: aukerak eta arriskuak; eta ezagutza transferentzia.
Euskadiko Fabrikazio Estrategia Aurreratuaren Erronkak
Amaierako erronkak:
  1. Ezagutza sortzen denetik merkatura transferitu arteko epeak moztea
  2. Teknologia gorakorretan oinarritutako produktu eta prozesuak eskala handian industrializatzea
Erronka bideratzaileak:
  1. Biharko fabrikazioko profesionalen profilak prestatzea, gaitzea eta erakartzea
  2. Esperientzia pilotuak eta erakusketak garatzeko azpiegiturak eta laguntza ildoak sortzea
  3. Teknologia gorakorretan oinarritutako produktu eta zerbitzuak fabrikatzeko eta industrializatzeko bitartekoak garatzea.
Euskarri erronkak:
  1. Fabrikazioko I+G+B bultzatzeko politiken eraginkortasuna hobetzea
  2. Mega-joera globalek planteatutako erronkak aprobetxatzea (zahartzea, klima aldaketa, baliabide eskasia, e.a.) teknologia, produktu eta prozesu lehiakorragoak diseinatzeko eta garatzeko
  3. Agenda sektorialak, enpresenak, zientifikoak eta teknologikoak koordinatzea
  4. Lankidetza hobetzea sektore arteko eta sektore barneko eragileen artean, maila lokalean eta nazioartean.
  5. Diseinuarekin eta marka sortzearekin lotutako balio ukiezinak sakontzea
Artikulua irakurri

No hay comentarios:

Publicar un comentario