martes, 20 de noviembre de 2012

Papergintza sektoreko lan hitzarmena berritzeko akordioa lortu dute Gipuzkoan



Papergintza sektoreko lan hitzarmena berritzeko akordioa lortu dute Gipuzkoan, eta sindikatu guztien oniritzia izan du

Negoziazio kolektiboa geldirik du krisiak, eta 423.000 langilek sinatzeke dute ituna


Papergintzako langileek hiru urterako lan ituna izango dute Gipuzkoan, eta sindikatu guztiaren oniritzia izango du, gainera. LAB, CCOO eta UGT sindikatuekin akordiorako oinarria lortu zuela iragarri zuen bezperan Adegi patronalak, eta, atzo, itunarekin bat egingo duela jakinarazi zuen ELAk, sektorean %40ko ordezkaritza duen erakundeak. Ez da ohikoa sektoreko hitzarmen kolektibo batek eragile guztien oniritzia jasotzea. Are gutxiago, krisia hasi zenetik. Aurten, esaterako, sektoreko sei lan itun baino ez dira sinatu.

Krisi ekonomikoak eragin du-en ziurgabetasun egoerari otsailean Espainiako Gobernuak onartu zuen lan erreforma gehitu zaio. Horretan, besteak beste, ultraaktibitatearen amaiera onartu zen. Kongresuko tramiteari jarraituz, itunen iraunaldia amaitzen denean, hitzartutako bal- dintzak soilik urtebete gehiago egongo dira indarrean, eta, akordioa berritzen ez bada, horren babesa galduko dute langileek.

Pasta, paper eta kartoi sektoreko itunaren eduki nagusiak honako hauek dira: soldatak urteko inflazioa adina igoko dira urte bakoitzeko, eta lanaldia ez da aldatuko (1.674 lanordu urtean). Akordioa 2012-2014 eperako bada ere, patronalak eta sindikatuek itunaren edukia 2016. urtera arte ez salatzeko konpromisoa hartu dute, negoziatzeko tarte gehiago izateko. Horrek esan nahi du akordiorik ez balego baldintzak 2017. urtea hasi arte indarrean egongo direla, ultraaktibitateko urtea aintzat hartuta. Papergintzako 2.000 langile ditu herrialdeak.

LABen ustez, hitzarmen ona lortu dute azkenean. «Soldata eta eskubide soziolaboraletan ona zen ituna hobetu da». Besteak beste, nabarmendu du enpresa batek soldatak murriztu nahi baditu langileen eta enpresaren arteko negoziazio eta akordioaren beharra arautu duela.

Negoziazio honetan zituen xedeak bete direla uste du ELAk, halaber, soldata hazkundeari eta lan erreformatik blindatzeko aukerei dagokienez. Puntu horretan, ituna ezarri nahi ez duten enpresen kasuan, derrigorreko arbitratzea indargabetu da. Hori bai, sindikatuak ohartarazi du sektoreko ituna sinatzeak ez duela hiru urterako lasaitasuna bermatzen. «Erreformaren arabera, Espainia mailako hitzarmen batek Gipuzkoako itunaren edukia hustu lezake». Era berean, gogoratu du enpresako lan itunek lehentasuna dutela.

2012. urtean sinatu den lehen sektore ituna izan da Gipuzkoan. Soldatan eta lanaldian antzeko eskaintza batekin beste alor batzuetako itunen blokeoa gainditzea posible izango den ikusteke dago, kontuan hartuta oraindik sinatu gabe zeuden akordioen ultraaktibitatea amaituko dela datorren urtean. Adegi patronalak bide hori irekita duela iradoki zuen, ohar batean. «Guztien borondatea eta ahalegina dagoenean, eskaera irreal eta gatazkaren ordez, posible da enpresen egonkortasunari eta langileen baldintzei eustea».

Udatik bueltan, bi itun

Udaren ondoren Araba, Bizkai eta Gipuzkoan sinatu den bigarren sektore ituna da, biak garrantzitsuak. Aurrekoa eraikuntzarena izan zen, Araban. Akordioak soilik CCOOren eta UGTren oniritzia lortu zuen, baina bi indar horiek dute gehiengoa alor horretan. Horren aurretik, soilik beste lau hitzarmen adostu dira, hiru Bizkaian eta bat Araban. Adierazgarriena, Bizkaiko ostalaritzarena.

Lan Harremanen Kontseiluak hilabetero argitaratzen duen informazioak ondo irudikatzen du negoziazio kolektiboak duen blokeoa. Irail arte, 423.000 langilek zuten laneko hitzarmen berri bat sinatzeke, guztietatik %72.

Sektoreko negoziazioa ez aurrera ez atzera dago. Azken bi akordioak aintzat hartuta, soilik 23 itun egongo dira gaurkotuta, eta beste 102 berritu gabe daude, hemen eragina duten baina Espainian negoziatzen direnak alde batera utzita. Falta diren sektoreko ehun itun horiek 310.000 langile ingururen lan baldintzak arautzen dituzte.

No hay comentarios:

Publicar un comentario